Mari Carmen Agirre Berezibar (1924-06-07)
Gurasoak Elorrio ingurukoak zituen, baina gazterik etorri ziren Eibarrera eta bertan jaio ziren Mari Carmen eta bere anai-arrebak. Untzagan jaio zen eta bertan bizi izan da beti, Txoko taberna gaineko etxeetan. Untzaga ingurua eta bertan gertatutakoak ondo baino hobeto ezagutzen ditu. Aitak, Eugenio "Elorrixok", ile-apaindegia zuen Untzagan bertan. 13 urte eskas zituela harrapatu zuen gerrak eta lanean hasi behar izan zuen: umezain, BH lantegian, dendari... Elkarrizketa egiteko orduan Julita Arregi Etxeberria izan zuen lagun Mari Carmenek (eskuinekoa).
Bitorio Agirregomezkorta Agirregomezkorta (1921-01-01)
Arizmendi baserrian jaio zen eta bertan bizi izan da beti. 2003. urtean, 82 urte zituela, elkarrizketa egin zitzaion Eibarko mendi-toponimia jasotzeko. Une horretan bera zen Arrate auzoko lekukorik nagusienetakoa. Elkarrizketan bere alaba (Nerea Agirregomezkorta) eta iloba (Izaskun Alberdi) ere agertzen dira.
Txomin Alberdi Arrizabalaga (1913-01-01)
Eibarko Gorostabeña baserrian jaio zen (Gorosta auzoa). Baserrian jaio eta bizi guztian baserriko lanetan aritua. Gerran miliziano izan zen, eta preso egin zutenez, "Batallón de trabajadoresen" ibili zen zenbait urtez. Elkarrizketan bere emaztea eta alaba ere agertzen dira.
Ana Mari Aldazabal Guridi (1924-03-18)
Eibarren jaio zen, Ibarkurutzean. Hantxe bizi izan da 40 urtez eta beste 40 urtez Bidebarrieta kalean. Gurasoak eibartarrak ziren eta 7 anai-arreba izan zituen. Ibarkurutzeko eskolan ikasi zuen (Alondegi zaharrean) eta gerora Jardinetako eskolak inauguratu zituen Errepublikako sasoian. Oso ondo gogoratzen ditu Ibarkurutzeko eta Bidebarrieta inguruko kontuak, baita Matsariako zelaiak eta erreka ere.
Agustin Arana Barinaga (1913-08-28)
Eibartar "peto-petoa", gerra aurrean herria nolakoa zen ondo gogoratzen du. Gerra garaian frontean borrokatu zuen eta gerora preso egon zen luzaroan. Hiztun ona, kontu interesgarri asko aipatzen ditu. Elkarrizketak "Zatixa" elkartean egin zaizkio, Bartolo Arriola lagun duelarik.
Edurne Aranberri Agirrebeña (1921-04-20)
Eibarren jaio zen, "Sanjuantxoneko" etxean, Barrenkalean. Aita, Gumer Aranberri, armagin familiako zen, baina tindategia ipini zuen. Ama, berriz, baserri ingurukoa (ama Elgetako Sanjuan baserrikoa eta aita Arratebaileko Sanjuangua baserrikoa). Edurneren familiak estankoa izan zuen parrokia parean, Mallea jauregia izandako eraikinean. Gerran herritik alde egin behar izan zuten eta 18 urte zituenetik Edurne Zarautzen bizi izan da. Hala ere, ez ditu batere galdu Eibarko euskara eta herriko oroitzapenak.
Luis Alberto Aranberri Mendizabal (1945-09-17)
Luis Alberto Aranberri "Amatiño" Eibarko Bidebarrieta kalean jaio zen 1945. urtean. Eibarko eskola nazionalean hasi zituen ikasketak eta Isasi kaleko Corazonisten ikastetxean jarraitu. Geroago, hiru urtez, Bilbon eta Oronozen jarraitu zituen ikasketak. 18 urterekin Eibarrera itzuli eta bere aitaren lantegian hasi zen lanean; bertan aritu zen 13 urte inguruan. Tarte horretan, baina, bere benetako zaletasuna ondo errotuta zuen eta lantegiko lanarekin batera kazetaritzan hasi zen, Zeruko Argia aldizkarian. Horrekin batera, Eibarko kulturaleko kide egin zen eta 60. hamarkadako Eibarko mugimendu euskaltzalean zeresan zuzena izan zuen.
Luis Aranzeta Korta (1923-11-21)

Luis Aranzeta Eibarren jaio zen 1923. urtean, Arragueta kalean. Etxe berean denda izan zuen bere izebak eta tailerra bere aitxitxak. Aitxitxak (elgetarra jaiotzez) ferreteriako lanabesak egiteko lantegia jarri zuen lehenbizi eta ondoren autoentzako enbrage-fabrika. Hantxe egin izan zuen lan Luisek bere bizi guztian zehar. Eskola publikoan ikasi ondoren, Armeria eskolan ere ikasi zuen, Luis Ormaetxea irakasle izan zuela. Arantza Arriolarekin (Eibar, 1926) ezkondu zen (berori ere Ahotsak proiekturako elkarrizketatua) eta Eibarren bizi izan da beti.
Felisa Areta (1923-11-21)
“Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.
Maria Dolores Areta Lazpiur (1923-11-21)
Eibarko Arrate auzoan jaiotakoa, “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuan parte hartu zuen.
Carmen Areta Lezeta (1923-11-21)
Eibarko Arrate auzoan jaio zen eta “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.
Vicente Areta Lezeta (1938-04-24)
Arrate bailarako Mendigoiti baserrian jaio zen eta “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.
Julita Arregi Etxeberria (1924-02-07)
Arragueta kalean jaio zen eta hantxe bizi izan zen ezkondu arte. Gurasoak elgoibartarrak zituen, baserritarrak. Sei anai-arreba ziren. Amak abarketak josten zituen etxean, Azkoitirako. Gerran Bilbora joan ziren eta ondoren Santanderrera eta Lleidara. Etxera itzuli eta berehala hasi zen lanean, 16 urte ingururekin, "Beisteginean" (BH bizikleta fabrika), sopletearekin lanean. Elkarrizketa egiteko orduan, Mari Carmen Agirre Berezibar izan zuen lagun Julitak (ezkerrekoa).
Tomasa Arrieta (1924-02-07)
Eibarko Amezabalegiabeletxe baserrian jaioa, bertan bizi izan da beti. Artzain ibilitakoa, Urko inguruko lurrak eta baserri lanak zoragarri ezagutzen ditu. Jubilatu ondoren kalera jaitsi zen, 70 urte bete ondoren.
Dominga Arrillaga Arrillaga (1931-01-13)
Elgoibarren jaio zen Goikoetxe baserrian baina 13 urte zituenean Armasio baserrira joan zen neskame, Elgoibarrera bertara. Gero 19 urterekin Eibarko Mandiola Azpiko baserrira joan zen neskame eta bertako seme batekin ezkondu zen, 21 urte zituenean. Bertan bizi izan da harrezkero. Batez ere Eibarko kontuak aipatzen ditu, baina Elgoibarko hizkera gorde du.
Bartolo Arriola Garate (1912-11-27)
Mendaron jaio arren, 7 urte besterik ez zituela etorri zen Eibarrera bere familia guztiarekin batera. Eibarko euskara darabil. Gerra aurreko kontuak oso ondo gogoratzen ditu: Eibarko kaleak, presak, errotak, eskolak, jolasak, kirolak eta abar. Buru argia du eta hizlari bikaina da; Eibarko historia eta hizkera jasotzeko hainbat proiektutan hartu du parte: "Eibarrera jatorraren bidetik", "Eibartarren Ahotan" eta abar. 1962. urtean "Zatixa" elkarte gastronomikoa sortu zuten. Elkarrizketarik gehienak elkartean bertan egin izan zaizkio. Elkarrizketa gehienetan Agustin Arana dauka lagun.
Arantza Arriola Tolosa (1926-04-23)
Eibarren jaio zen, Plaza Berrian. Ama oso gazterik hil zitzaion (Arantzak 6 urte zituela) eta izeko eta lehengusuekin hazi eta bizi izan zen. Untzagako eskolan ikasi zuen, baina ez oso luze, 10 urte zituela gerra zibila hasi baitzen. Santander aldean igaro zuten gerraren zatirik handiena, batez ere Ramales de la Victoria izeneko herrian. Bitartean, aita Bilbon egon zen, arma-lantegietan lanean. Arantzaren aita oso ezaguna izan zen Eibarren gerra aurretik, Satur Arriola "Txirloia". Pilotaria, futbolaria eta aurreskulari aparta. Luis Aranzetarekin ezkondu zen eta Eibarren bizi izan dira beti.
Agustina Askasibar Lauzirika (1929-08-28)
Agustina Askasibar Lauzirika Eibarren jaio zen, 1929ko abuztuaren 28an. Isasi kaleko 10. zenbakian jaio eta bizi izan zen 2000. urtera bitartean. Bertan izan zuten "ultramarinos" denda. "Maria Txaltxaneko" izenez ezagutzen zuten denda. Ahizpa Apoloniarekin egin zuen lan bertan jubilatu artean.
Felisa Atxa-orbea Uriarte (1929-08-28)
Eibarko Arrate auzoan jaiotakoa, “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.
Francisca Atxalbizuri (1929-08-28)
Gorosta-azpi baserrikoa. "Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1983an, Antonia Iriondo, Paulina Ugarteburu, Juanita Gurrutxaga eta Seguna San Martinekin batera.
Mari Asun Azpiri Mandiola (1946-05-28)
Eibarko Aginaga auzoko Larrañeta baserrian jaio zen 1946an. Arrate bailarako Mendigoitxi baserriko Bizente Aretarekin ezkondu zen eta bertara joan zen bizitzera. Landare-izen ugari dakizki eta horiek jasotzeko egin zitzaion elkarrizketa.
Emilio Azurmendi Agirre (1936-09-06)
Gorosta bailarako Sagarbitza (Sagarbieta) baserrian eman du bizi osoa. Etnografia gaiak oso gustuko ditu eta interes handia du baserrietako antzinako bizimoduarekin zerikusia duten tresnak, lexikoa, eta abarrak zaindu eta gordetzeko. Eibarko baserritarren alkate ere izan da hainbat urtetan eta oso ondo ezagutzen ditu, bai Eibarko mendi-basoak, bai Eibarko baserritarren gorabeherak. Eibarko euskara, toponimia eta etnografia jasotzeko hainbat proiektutarako lekukotasuna eman du.
Felix Barrutia Iriondo (1934-01-30)
Eibarren jaio zen, Arragueta kalean; gerra ondoren Jardineta kalera joan zen familia osoa. Zortzi urte inguru zituela Ardantza kalera joan ziren bizitzera eta inguru hori ondo gogoratzen du. Gurasoak eta emaztea ere eibartarrak ditu. Armeria eskolan ikasi ostean, Alfan hasi zen lanean eta bertan jubilatu zen (urtebetez Lambrettan ere jardun zuen). Mendizale amorratua, aitarekin hasi zen mendian ibiltzen 6-7 urte besterik ez zituela. Harrezkero horixe izan da bere zaletasun handiena. Futbolean ere ibili zen Txantxazelaiko txapelketetan, eta gerora Urko eta Arrate taldeetan.
Serafin Basauri Arteaga (1935-04-29)

Gurasoak bizkaitarrak zituen, Atxondo ingurukoak, baina Eibarrera ezkondutakoak. Serafin eta anai-arrebak Eibarren jaio ziren eta bertan bizi izan da beti. Frontoizarreko eskola nazionaletan ikasten hasi ondoren, fraideetan eta Armeria Eskolan jarraitu zuen. 17 urterekin GAC lantegian hasi zen lanean eta, geroago, hainbat urtez Alfan. Frankismo garaian erabat murgildu zen Eibarren izan zen mugimendu klandestinoan eta euskalgintzan. 1955-1970 bitartean, Imanol Laspiur eta Juan San Martin lagun zituela, Eibarren euskararen eta euskal kulturaren inguruan izandako eragile nagusietakoa izan zen: Klub Deportiboko euskarako klaseak, ikastolak, Ekin eta abar. Baita gerora ere, HBn, Aralarren eta Elkarrin. Franco osteko lehenengo legegintzaldian zinegotzi izan zen Eibarko Udalean. 1990. urteaz geroztik Eibarko euskara jaso eta aztertzeko saioetan ere lan handia egin du, batzuetan zuzenean lanean eta beste batzuetan lekuko bezala. Euskaltzain urgazle da.
Victoria Baskaran (1935-04-29)
"Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1983an, Julia Valenciaga eta Candida Egurenekin batera.
Jose Bergara Baskaran (1928-02-26)
Jose Bergara Baskaran "Agarrazpi" Gorosta bailarako Agarre Azpikoa baserrian jaio eta bizi da. Gerra garaian, baserritik ihes egin behar izan zuten. Arotza ofizioz eta afizioz, gazte-gaztetatik ekin zion egurra lantzeari. Baserriko lan guztiak zehatz-mehatz ezagutzen ditu eta haiek berri ematerako orduan abilezia izugarria erakusten du.
Enrique Bernedo Elkoro-Iribe (1926-04-07 / 2012-01-18)
Enrike Bernedo Elkoroiribe Eibarren jaio zen, 1926ko apirilaren 7an. Sansaburu, Errekatxu eta Txantxa-zelai inguruak oso ondo ezagutzen zituen bertan bizi izan zelako haurtzaroa. Antzinako Eibar eta iragandako garaiak bizi-bizi izan ditu beti gogoan. Kontalari on eta trebea.
Genoveva Billar Eleizpuru (1907-10-31)
San Joan errekako Izalde baserrian jaio zen 1907an, Bergaran. Bost bat urterekin, Elgetako Egoetxeaga baserrira joan zen bizitzera. Eibarrera ezkondu zen eta bertan eman ditu azken 78 urteak. Harategian egin zuen lan 40 urtez. Hala ere, Elgeta ez du ahaztu.
Candida Eguren (1907-10-31)
"Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an, Julia Valenciaga eta Victoria Baskaranekin batera.
Candido Eguren Zabarte (1906-11-25 / 2002-02-10)
Aita, Benito Eguren, Angiozarren jaiotakoa, eta okina ogibidez. Ama, Modesta Zabarte, Elorrion jaiotakoa. Bergarako seminarioan merkataritza ikasketak egin zituen. Indalecio Prieto, Toribio Etxebarria eta beste hainbat intelektualen eragin handia izan zuen. Primo de Riveraren diktaduran kartzelara eraman zuten lehenengo komunista eibartarra izan zen. Errepublikaren aldarrikapenean eta ondoren 1934ko urriko iraultzan ere parte-hartze zuzena izan zuen. Gerra garaian, hainbat eginkizun izan zituen. Beste askoren antzera "Batallón de Trabajadores", kartzela eta erbestealdia ezagutu zituen.
Sabino Errasti Elgoibar (1906-11-25 / 2002-02-10)
Javier Etxeberria Eguren (1927-10-17 / 2000-06-19)
Eibarren jaiotakoa, umetatik izan zuen mendirako zaletasun handia. Gerrako umea izan zen eta Belgikan eman zituen 2 urte amarekin batera; II. Mundu Gerra hasi zenean, Eibarrera itzuli ziren. Armeria eskolan egin zituen ikasketak eta geroagao Alfan egin zuen lan. “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen, besteak beste.
Migel Gallastegi Ariznabarreta (1918-02-25)
Migel Gallastegi Eibarko Asoliartza baserrian jaio zen, Amaña auzoan. Bere garaiko umerik gehienak bezala, txiki-txikitatik hasi zen pilotan jokatzen, baina berehala ikusi zen profesional izateko gaitasun apartak zituela. 14-15 urte zituela Isasi kaleko "Kiputxanekua" pilotalekuan hasi zen jokatzen eta entrenatzen; berehala, Astelenan ere hasi zen entrenatzen. Hemezortzi urte zituela debutatu zuen 1936. urtean, baina gerrak harrapatu zuen. Gerra amaituta eta sasoi betean, 1940. eta 1950. hamarkadetan nagusi izan zen Euskal Herri osoan. Buruz buruko hiru txapelketa irabazi zituen (1948, 1950 eta 1951) eta dozenaka partida jokatu (eta irabazi) zituen bikoteen eta hirukoteen aurka.
Irene Gandarias Narzabal (1918-02-25)
“Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.
Mari Tere Gantxegi Juaristi (1923-04-23)
Eibarren jaio zen Bidebarrieta kalean. Bost urte zituela Grabadores kalera joan zen bizitzera. Victor Sarasketa lantegian egon zen lanean 31 urtez, 1941-1972 bitartean, eta gerora Patronato Eibarres errehabilitazio-zentroan. Jubilatuta egon arren, elkarrizketa egiteko unean oraindik ere egunero joaten zen lanera hara laguntzera. Oso gazterik ezagutu zuen Mercedes Kareaga eta bere alboan hartu zuen parte Goi Argi elkartearen sorreran (Eibarko Sociedad Femenina) 1951. urtean. Gaur egun Mari Tere da elkartearen presidentea.
Txomin Garcia (1920-01-01)
Gaztea zela ofizioa ikasten hasi zen Eibarko gazteek egiten zuten moduan, baina gerra hasi zenean frontera joan behar izan zuen. Teruel eta Castellon inguruan ibili zen eta Castellón zegoela gaixotu egin zen. Emaztea Eibarren ezagutu zuen eta Soraluzera ezkondu ziren.
Gari-jotzea (1920-01-01)
Gorosta bailarako Sagarbitza (Sagarbieta) baserrian, bertan jaiotako Emilio Azurmendi Agirrerekin elkartu ginen, duela urte asko gure baserrietatik ezkutatu zen gari-jotzearen gaia lantzeko. Grabazioetako batean aspaldiko gari-jotzearen ezaugarriak eta bere bilakaeraren berri ematen du Emiliok. Beste grabazioan, Emiliok ondo zainduta gordetzen dituen gari-jotzeko “matxaka”, eta garia jo eta gero erabiltzen zen gari-garbitzeko makina erakusten dizkigu. Makina biak lanean ikus daitezke grabazioan, garia jotzen bata eta garbitzen bestea, garai batean baserri gehienetan erabiltzen ziren erara. Eta, irudiaren lagungarri, Emilioren zuzeneko azalpenek gari-jotzearen gorabehera guztiak argitzen dizkigute. Bertan jo zen garia Sagarbitzako soroetan hazitakoa zen.
Tomas Gerrikagoitia (1920-01-01)
“Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.
Euxebi Gisasola Aldazabal (1922-11-05)
Aginagako Zumaran baserrian jaiotakoa. Ama Arrate Mugitzaberri baserrikoa zuen. 8 urte zituela, Aginagako eskola egin zuten eta bertan egin zituen ikasketak Gerra Zibila hasi zen arte. Sasoi hartan Euxebik 14 urte zituen. Garai gogorra zen, baina Gisasolatarrak baserrian gelditu ziren. Ezkondu eta lau seme-alaba izan zituen. Eibarko euskararen gaineko hainbat liburutarako eman du bere lekukotasuna.
Alberto González Atxa (1935-10-13)

Eibarren, Isasi kalean jaio zen 1935an. Amak "Arma Probaderoan" egiten zuen lan eta gerrate garaian herritik alde egin behar izan zuten, "Probaderoarekin" batera. Itzuli zirenean, euren etxean beste batzuk bizitzen zeudenez, Ermura alde egin behar izan zuten. Hantxe ezkondu zen Higinia Solozabal bolibartarrarekin eta lau seme-alaben aita da. Ziortza-Bolibarko andrearen "Anittu-Goiko" baserrian bizi zen elkarrizketa sasoian. Ermua zein Eibarkoak dira bere ume eta gaztetako gogorapenak.
Juanita Gurrutxaga Ansola (1935-10-13)
Barrenkalekoa. "Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1983an, Antonia Iriondo, Francisca Atxalbizuri, Paulina Ugarteburu eta Segunda San Martinekin batera.
Antonia Iriondo (1935-10-13)
Partxuango baserrikoa. "Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1983an, Francisca Atxalbizuri, Paulina Ugarteburu, Juanita Gurrutxaga eta Segunda San Martinekin batera.
Jose Kareaga Guridi (1930-03-09 / 2008-08-28)
Eibarren jaio zen 1930. urtean Errebal kalean; gurasoak ere eibartarrak zituen. Aita grabatzailea zuen, Mateo Kareaga, Errepublika garaian Eibarko udaletxean zinegotzi izandakoa (errepublikazalea). Aitita ere grabatzaile eta damaskinatzaile ezaguna izan zen, Kaietano Kareaga. Jose bera ere gazterik hasi zen marrazkigintzan eta grabatzaile lanetan. Margolaria ere izan da.
Faustino Larrañaga Ugarteburu (1904-08-29 / 2007-02-23)
Aita Barinagakoa (Markina) zuen eta ama Gerrikaizkoa. Aginagara ezkondu ziren, eliza ondora, eta bertan jaio zen Faustino 1904an. Zortzi anai-arrebatatik zaharrena, urte bi zituela "Arando Aurtena" baserrira joan ziren bizitzera, eta hantxe bizi izan da 80 urtean. Auzo bereko Josefa Ugarteburu Azpiazurekin ezkonduta, alaba bakarra izan zuten. 80 urte inguru zituela, alargunduta, alabaren etxera jaitsi zen bizi izatera; hala ere, egunero igo izan da baserrira (oinez) 90 urte bete arte. Baserritarra ogibidez, egur-ikatza eramaten zuen Eibarko tailerretara sua egin eta pistolaginak burdina tenplean ipintzeko. "Drogetenitturrin", Ermua eta Mallabiko herri aldizkarian, bere 100. urtebetetzearen aitzakiarekin elkarrizketa egin zitzaion "Danerako lain urte dakat" izenburuarekin. Ermuan hil zen 102 urteak beteta.
Ignacia Larrarte (1904-08-29 / 2007-02-23)
"Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an, Margarita Murgizu, Vicenta Unanue eta Cleto Unzuetarekin batera.
Concha Laspiur Zabala (1924-11-30)
Bergaran jaio zen, baina 4 urterekin etorri zen familia osoa Eibarrera eta eibartar sentitzen da (hizkeraz ere eibartarra da). Aita txistularia izan zen Eibarren errepublika garaian. Concharen anaia, Imanol Laspiur, euskaltzale ezaguna izan da. Concha ere euskaltzale amorratua izan da beti, eta 1963tik aurrera, euskarako irakaslea izan da. 1963an klaseak ematen hasi zen, erdi ezkutuan, Eibarko Kulturala elkartean; gerora, hainbat urtez, AEK-ko irakasle izan da.
Juan Leturiondo (1924-11-30)
Eibarko Arrateballeko Gaztelu baserriko semea. Bertan bizi izan da beti.
Jose Mari Loiola Gisasola (1924-11-30)
Eibarko Aginaga auzoan jaiotakoa, “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuan parte hartu zuen.
Faustina Lopez Larrea (1908-10-13 / 2008-06-13)
Elgetakalean jaio zen 1908. urtean. Aita nafarra zen, baina euskaraz ikasi zuen. Ama "Ermuarretakua", Elgetakalean bertan zegoen okindegiko alaba. Eibarko kale zaharrak eta Elgetarako bidea ondo gogoratzen ditu Faustinak, eta batez ere Urki ingurua nolakoa zen gerra aurrean, horixe baitzen beren jolaslekua.
Juliana Mandiola Maguregi (1908-10-13 / 2008-06-13)
“Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.
Hainbat hizlari Matrallako irratia (Eibar) (1908-10-13 / 2008-06-13)
Eibarko Matraillako Irratiko zenbait programaren grabazioa. Eibarko zenbait gazte agertzen dira berbetan: Dani Astarloa, Silbia Hernandez eta Leire Narbaiza.
Rosario Milikua (1915-10-15)

Mallabian jaioa, 9 senide izan zituen. 33 urterekin Eibarko Kaskarrain baserrira ezkondu zen. Azokara saltzera joan ohi zen eta geroago mertzeria bat jarri zuen. Kaskarrain baserri inguruko toponimia ondo ezagutzen zuen eta Mallabiko hainbat ipuin ere ederki kontatu zituen.
Margarita Murgizu Azurmendi (1912-02-22 / 2004-07-14)
Margarita 1912an jaio zen Eibarren. Aldatzeko ikastetxean ikasi zuen eta irakasle egin zen. Maltzagako auzo-eskolan jardun zuen 1920ko hamarkadan umeei klaseak ematen. Horren ostean, Bilbon jardun zuen lanean. Ikastolen sorrera bertatik bertara ezagutu zuen, eta orduz kanpo euskaraz irakasten zuen Bilbon. "Eibarko antxiñako jolas eta kantak" proiekturako egin zitzaion grabazioa 1982an.
Vicente Olabe Etxebarria (1911-05-24 / 2006-12-22)
Eibarren jaioa Bitor Sarasketa kalean. Jacinto Olabe artistaren semea. Ingeniaritza ikasi zuen Bilbon eta Alfako zuzendari izan zen urte askoan. Azken urteotan Bilbon bizi izan da. Toribio Etxebarria osabaren hiztegia aztertu eta landu du.
Maritxu Olarra Olazagirre (1928-10-19)
Eibarko Arrate auzoan azken 60 urteotan gertatutakoaren lekukorik handiena da Maritxu. 1928. urtean jaio zen Donostian, Zabalegi baserrian (Aieten), baina hamabost urte besterik ez zituela, 1943an, Eibarrera joan zen zerbitzatzera Arrateko abadetxera, Don Pedro Gorostidi ezagunaren etxera. Don Pedro eta bere senideak zaindu zituen, Arrateko ostatuan zerbitzatu zuen, Arrateko elizako serora izan zen hainbat urtez, eliza alboko dendako arduraduna izan zen, Arrate Irratiaren sorrera ezagutu zuen, eta Arraten azken 60 urteotan izan diren aldaketa guztiak bizi izan ditu. Don Pedroren iloba batekin ezkondu zen 1957an, Andres Egidazurekin, eta 3 alaba izan ditu. Bere hizkeran, Eibarko, Elgoibarko eta Donostiako euskararen eragina nabari da, nahiz eta elgoibartarra nagusitu (Don Pedro eta bere senarra elgoibartarrak baitira).
Dimas Ormaetxea (1928-10-19)
Eibarko Kiñarra auzoko Iraegi baserrian jaioa, hantxe bizi izan da beti. Eibarko toponimia biltzeko lanean parte hartu zuen. Baserritarra eta artzaina.
Ziriako Ortiz de Zarate Arrinda (1928-06-07)
Eibarko Maria Angela kalean jaio zen 1928an, baina "Elorreta" baserrian hazitakoa da, Urko mendiaren magalean. Han emandako urteak ganadu eta baserriaren mundua ondo ezagutzeko beta eman zioten. Eskolara joateko aukera eza bere irakurtzeko zaletasun apartarekin orekatu zuen. Bertsolaritzaren, pilotaren eta batez ere herri-kirolen gaineko artxibo bizia da bere burua, data eta datu kontuetarako fidagarria oso. Eibarko "Arrate Irratiko" esatari 1982tik geroztik, herri-kirolak komunikabideetan duten hutsunea betetzea lortu du bere eguneroko agerraldiekin. Ermura ezkondu eta bertan bizi da.
Maritxu Osa Unamuno (1921-05-11)
Eibarko Ariatzan jaio zen (gaur egun desagertuta dagoen kalea), "Sanjuantxoneko" etxean. Bost urterekin Jardinetara joan zen bizitzera. Aita Goimendikoa zuen (Bergara), ama Arrazola baserrikoa (Otaola-Kiñarra auzoa). Maritxuk ere egun asko pasa zituen Arrazolan. Baserri ezaguna zen Eibarren; taberna eta bolatokia ere bazituen eta erromeriak egiten ziren jaiegunetan. Kiñarra, Goimendi eta Azurtza inguruko baserritarren bilgunea zen. Eibarko kaletik ere hainbat lagun joaten zen jaiegunetan dantzara eta afaltzera. Gerra garaia ere baserrian igaro zuen, bala eta kanoi hotsak buru gainean zituztela.
Juan Luis Rodriguez (1921-05-11)
“Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuan parte hartu zuen.
Maria Luisa San Martin Urriategi (1921-05-11)
Otaola auzoko Eguren baserrikoa. "Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an.
Segunda San Martin Urriategi (1921-05-11)
Eguren baserrikoa. "Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1983an, Antonia Iriondo, Francisca Atxalbizuri, Paulina Ugarteburu eta Juanita Gurrutxagarekin batera.
Antonio Sarasketa Errasti (1917-10-31)
Gurasoak Eibarkoak izan arren, Gernikan jaio zen Antonio, aita bertako Astra lantegira lanera joana zelako. Denbora gutxi egin zuten bertan, Antoniok 2 urte zituela aita hil egin baitzen. Ama laugarren semearekin haurdun zegoen eta Eibarrera itzuli ziren. Antoniok 9 urte zituela ama ere hil egin zitzaien eta amamak hazi zituen gaur egun Urkizu kalea dagoen inguruan zegoen Errasti baserrian. Ibarkurutzeko eskolan ibili zen lehenbizi, baina eskola mordoa pasa zituen: Ibarkurutzetik Goardia Zibilen kuartela dagoen lekura pasa ziren; gero Jardinetako eskolara; handik Orbeako eskolara eta, azkenik, Isasiko fraideen bukatu zituen ikasketak. 14 urterekin Elgezua maisuarekin aprendiz moduan hasi zen. Elgezuaren lantegia itxi zenean, arotzerian ibili zen Martin Errastiren arotzerian. Gerra ostean, berriz, forjan lan egin zuen urte askoan eta azken urteak Alfa lantegian egin zituen. 14 urterekin EAJn afiliatu zen eta alderdi honi lotuta pasa du bizia. Gerra Zibila hasi zenean boluntario aurkeztu zen babeslekuak egiteko eta Urkizuko babeslekua egiteko lanetan ibili zen. Bide-bazterrak zaintzen ere ibili zen, goardia moduan, eta baita Eibarko lantegietako makinak kamioietan kargatu eta Zamudiora eramaten ere. Soldaduak Eibarrera iritsi baino lehen Bilbora alde egin zuen. Bertan Aralar batailoian izena eman zuen. Farnkistek harrapatu ostean Castro Urdialesen egon zen preso. Jarrera onagatik libre utzi zuten, baina Francoren tropekin Espainian zehar bidali zuten orduan America 23 konpainiarekin. Betidanik izan da kirolzalea eta denetarik probatu du. Mutikotatik pilotan jokatzen zuen eta bere lehengusuarekin binakaka txapelketaren bat ere irabazi zuen. Erremontean ere aritzen ziren. Boxeoan ere ibilitakoa da, Frantziatik etorritako boxeo jokalari baten gidaritzapean. Baina ibilbide luzeena futbolean egin zuen. 1935ean hasi zen jokatzen "Unión Deportiva Eibarresa" taldean. Gerra garaian Castelloneko taldearekin ere izan zuen fitxa, nahiz eta partidurik ez jokatu, eta geroago, Iruñeara bidali zutenean, Chantrea taldean ere jokatu zuen. Ezkondu ostean Arrate taldeko entrenatzaile gisa hasi zen eta urte asko egin zituen lan horretan ere.
Benigna Sarasketa Maiztegi (1922-06-29)
Eibarko Jardineta kalean jaio zen 1924. urtean eta han egin du bizi guztia. Jardineta kalean 4 etxe besterik ez zeuden garai hartan. Bere osaba Kruzetaneko zineko langilea zen, eta ondo gogoratzen ditu antzokia eta gerra aurreko pelikulak. Gerra garaian Bilbora eta Valentziara joan behar izan zuen bere familiarekin. Albericen pasa zituen 2 urte inguru, errepublikazaleen arma-fabriketan lanean, beste hainbat eibartarrekin batera.
Asier Sarasua Aranberri (1969-04-18)
Eibarren jaioa, Aldatze kalean. Gurasoak eta aitxitxa-amamak ere eibartarrak izan ditu. Nerea Aretak Eibarko euskararen morfologia aztertzeko egindako doktore-tesian, Asier Sarasua ere lekuko izan zen. Auzorik auzo egindako laginketan, gazte kaletar baten hizkeraren lekukotasuna eman zuen. Asier Sarasuak, bere aldetik ere, Eibarko hizkera eta ohiturak jasotzeko hainbat lan egin ditu, besteak beste, "Eibarko euskara" (2005), "Eibarko hiztegi etnografikoa" (2003), "Eibarko baserriak" (1998), "Eibarko mapa toponimikoa" (2005) eta abar. Eibartarren Ahotan bilketa-proiektuko arduraduna ere izan zen eta Eibarko hiztegi digitalean ere parte hartu zuen (www.eibarko-euskara.com).
Jesusa Sustaeta Abendibar (1969-04-18)
Eibarko Arrate auzoan jaioa, “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.
Mertxe Ugarte Atxotegi (1927-03-31)
Eibarren jaio zen, Elgetakalean, 1927. urtean. Aita Amorebietakoa zuen, ama eibartarra. Oso ondo gogoratzen ditu umetako Eibar eta gerra aurreko kale zaharrak: Arraindegi, Birjiñape, Barrenkale, Elgetakale, Piparkale (Ifarkale) eta abar. Elgetakale inguruko taberna eta dendei buruzko informazio asko ere eman du elkarrizketan: Badeteneko taberna, Ermuarrareneko okindegia, Buruneko sagardotegia... Sinfo denda ezaguna ere gertu-gertutik ezagutu izan du, bere amama baitzen Sinforosa "Sinfo" oihal eta bordatuen denda ezaguneko ugazaba.
Hipoli Ugarteburu Lizarralde (1921-01-30)
Eibarko Bidebarrixetan jaio eta hantxe joan zen eskolara ere, doña Felisa maistrarekin; hark erakutsitakoak ahaztu barik ditu. Gerrate denboran hainbat bizileku eta bizipen gogor ezagutu ostean, Eibarren etxerik ez eta 18 urte egin berri zituela, gurasoekin batera Ermuko Kaltxangora etorri zen. Josten egiten zuen etxerako zein kanporako, eta ederto gogoratzen ditu orduko moda eta oihalen mundu hori. Etxekoei josten ikasi nahi zuela esan zienean, aita Justok Dibujora bidali zuen Eibarko Akademia batera, jostun ona izateko beharrezko izango zuela erizten zion eta. "Erromadetako" Andoni Areitioaurtenarekin ezkondu eta 8 seme-alaba izan zituzten.
Hizkera: eibartarra.
Paulina Ugarteburu Iriondo (1921-01-30)
Nebera baserrikoa."Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1983an, Antonia Iriondo, Francisca Atxalbizuri, Seguna San Martin eta Juanita Gurrutxagarekin batera.
Emilia Unamuno Zamakola (1915-04-27 / 2009-05-22)
Eibarko Arraindegi kalean jaio zen. Oso gazterik joan zen Calbetón kalera bizitzera, baina Arraindegi kaleko sentitzen da. Gerrak eraman zuen Arraindegi kalea eta, elkarrizketa egiteko unean, Emilia da kale horretan jaiotakoen artean edadetuena. Kaleari buruzko hainbat azalpen eman dizkigu. Aita Soraluzekoa zuen, baina gazterik etorritakoa Eibarrera; ama oso gazterik hil zitzaion. Eskolara udaletxera joan zen doña Petra irakaslearekin, baina denbora gutxian: ez zitzaion gustatzen eta etxean lan asko izaten zuen egiteko (amaren faltan). Familia guztia sozialista zen; anaia nagusiek 1934ko matxinadan hartu zuten parte. Bere senarra gerran zauritu zuten.
Vicenta Unanue (1915-04-27 / 2009-05-22)
"Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an, Margarita Murgizu, Ignacia Larrarte eta Cleto Unzuetarekin batera.
Jesusa Unzetabarrenetxea (1918-03-31)
Barrenetxe baserrian jaioa, azken 30 urteotan kalean bizi da. Hala ere, sarri igotzen da baserrira, eta baserria oso ondo zaintzen dute bere eta bere ahizpen artean. Baserriko tresna guztiak ondo gordeta dituzte, ia-ia museo baten itxurarekin.
Cleto Unzueta (1918-03-31)
"Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an, Margarita Murgizu, Vicenta Unanue eta Ignacia Larrarterekin batera.
Felisa Urzuriaga Atxa (1918-03-31)

Jose Luis Urzuriaga Lete (1918-03-31)
Eibarko Arrate auzoan jaioa, “Eibarko euskara: izen sintagmaren deklinabidea” proiektuko lekuko izan zen.
Julia Valenciaga Lasuen (1918-03-31)
"Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an, Candida Eguren eta Victoria Baskaranekin batera.
Danel Zenarruzabeitia Badiola (1927-01-03)

Eibarren jaio zen 1927an eta hiru anaiaren artean gazteena izan zen bera. Gerratea zabaldu zenean, familia osoak Eibartik alde egin behar izan zuen Elgoibarko baserri batera lehenengo eta Ermura gero, senideen babesera kasu bietan. Gerrako hiru urteak, mutil koxkorra zela, Ermuan eman zituen eta ondo gogoan ditu ordukoak. Etxekoekin Eibarrera itzuli bazen ere, sasoi hartan egindako lagunekin harremana galdu ez duenez, Ermuko geroragoko gauza ugari ditu gogoan. Itziar Alberdi eibartarrarekin ezkondu eta lau seme-alaben aita da. Orduko askok bezala, tailertxo bat jarri zuen eta badu zeresana industriaren gorakadaren gainean. Eibarko Batzokian lehendakari lanetan zegoen EAJ eta EA bereizi ziren garaian.
Timoteo Zubiate (1927-01-03)
1931n, Primo de Riveraren diktadura garaian Eibarko alkate izan zen hilabete batzuetan. "Eibarko antxiñako jolas eta kantuak" proiektuaren barruan egin zitzaion elkarrizketa 1982an.

